XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horusengandik Aidara Mona Zaalouk.

ERDI Aroaren eta Aro Modernoaren artean zintzilik denboran, Art Nouveau-ren printzipioetan inspiraturiko Cairo-ko eraikuntza batzuk bizirik iraun dute eraikuntzaren loraldi betean dagoen hiri horretan hemeretzigarren mendean Egypto eta Europaren artean izan ziren kultur harreman konplexuen monumentu bailiran.

Art Nouveau mugimendu eklektikoa zen eta bere jarraitzaileek ideia eta inspirazio iturri berriak ikusi zituzten Europatik kanpo, hemezortzigarren mendean mugimendu barrokoak ekialdeko motiboetarako interesa erakutsi zuenean sortu bide zen joerari jarraitu zitzaizkiolarik.

Hemeretzigarren mendean, aldaketa politiko, ekonomiko eta teknologiko azkarrek fotografia, eta telegrafoaren erabileraren gorakadak, eta komunikazio eta garraioen beste zenbait hobekuntzek bizkortu egin zuten ideien, formen eta aurkikundeen herrialdez herrialdeko zabalkundea.

Bidai liburu, gidaliburu eta magazinak oparo argitaratu ziren, Europak urrutiko lur eta herrietan zuen interesa bizituz.

Mendearen bukaera aldera Art Nouveau harrera on berri horren ispilua zen eta forma eman zioten hainbat influentziaren artean Egyptoko arte eta pentsakerak ere izan zuten bere papera, sotila eta zeharbidezkoa izan bazen ere.

Egyptoko kultura Europara transmititzeko gertakari nagusietako bat Napoleon-ek 1799an Egyptora egin zuen espedizioa izan zen.

Ehun eta hogei jakintsutik gora joan ziren espedizio hartan Egyptoko monumentuak aztertu eta sailkatzeko mandatuarekin.

Haien lanaren emaitzak, 1809az gero edizio ilustratuetan argitaratu zirelarik, oinarria egin zuten Europan antzinako Egypton inspiraturiko arkitektura, arteen eta artisautza estiloetarako sortu zen afiziorako.

Hemeretzigarren bukaera aldera, antzinako Egyptoko arte eta mitologiaren oihartzunak aurki daitezke Europako artista eta pentsalarien lanetan, gizarte materialista hartan balio izpiritualak berriz nola ezarriko ari bait ziren.

Sinbolismoaren amets eta fantasiazko munduak, Art Nouveau-ren bidetik jo zuen hainbat korronteetako bat, Egyptoko muraletako pinturaren kutsua dauka zenbait ikuspegitan - heriotza eta bizitzaren ondorengo gaietan eta emakumearen figuraz daukan interesean.

Egyptoko eragin zuzenagoa aurki daiteke Art Nouveau-n artista batzuek 1900 aldera sortu zuten bitxigintzan eta dekoraziorako apaingarrietan, Gaillard, Gautrait, Pier anaiak eta Georges Fouquet-en lanetan, esate baterako.

Harri eta metal preziatuak, koloretako beira eta esmalteak landuaz, antzinako Egyptoko artearen motiboak erabiltzen dituzte, hala nola lotolorea, labezomorroa, sugea eta Horus jainko hegalduna.

Europa Egypto deskubritzen ari zen bitartean, Egypto Europara begiratzen hasi zen.

Herrialdea modernizatzeko eragingarri gisa, Mohammed Ali (1769-1849) agintari eta bisionario egypziarrak bekak sortu eta jakintsu, pentsalari eta ikerlariak animatu zituen Frantziara ikastera joateko.

Hemeretzigarren mendearen bigarren erdirako klase goreneko egypziar asko Europara begira jarri zen modaren iturri zelako.

Cairoko opera Etxea, Suez-eko kanala ireki behar zela eta Khedive Ismail-ek Verdi-k Egypton inspiratuta burututako Aida operaren estreinaldirako egin zuena, Milan-go La Scala-ren erreplika da txikitxoagoan.

Bai Europan eta bai Egypton beste kulturetara begiratzen zen inspirazio bila.

Mendearen bukaeran, artista, artisau, arkitekto eta intelektual askok Egyptora emigratu zutenean, ez zuten babesle faltarik izan Europako ohitura eta ereduak berenganatzeko irrikitan ziren egypziar dirudunen artean.

Topaketa horren emaitzetako bat Art Nouveau-k inspiraturiko arkitektura estilo berria hasi zen agertzen Cairo eta Alexandrian, Fatimid aroaz gero nagusi zen estilo tradizionalari txanda hartuz.

Eskultura ornamentazio landua etxe pribatuetan eta erakunde publikoetan sartzen hasi zen.

Giza figurak edo zutabeak, edo landare txirikordatuek hartu zuten tradiziozko arkitektura eratsuagoaren lekua, garai batean ere sabai apainak Art Nouveau-rentzat inspirazio iturri izan baziren ere.

Garai hartako eraikuntza nagusien artean aipagarriak dira Alexandriako Cecil hotela eta Cairoko Cosmopolitan hotela, eta Suizako emigrante batek eraikitako Groppi te saloiak.

Pazientziaz mihatuz gero, garai hartako beste zenbait adibide ere agertuko lirateke, izenik gabe eta Cairo modernoko etxesail altuen itzalean daudenak.